Nor gara?

Nor gara?

Gure eskola

Aurizberriko Eskola: Landa Eskola Txiki eta Gertukoa

           "Eskola txiki, altxor handi."

Aurizberri Iruñetik 40 kilometrora dago, Erroibarko bailaran kokatzen da eta 200 bat biztanle ditu. Gure herri-eskolak Haur Hezkuntza (HH) eta Lehen Hezkuntza (LH) eskaintzen ditu D ereduan.

Gure eskolaren bihotza gertutasuna eta tratu familiarra dira:

  • Eskola txikia: Gaur egun 12 ikasle ditugu, bi taldetan banatuta. Ikasle gehienak bertakoak dira, nahiz eta ondoko herrietako ikasleren bat ere badugun.

  • Kooperazio naturala: Adin ezberdinetako haurrak elkarrekin aritzen dira ikasgela berean, nahasketa horrek harreman oso aberatsak sortzen ditu. Umeek elkarri laguntzen diote era naturalean, eta eskolan sortzen den elkarreragin horrek herriko bizitzan jarraipena izaten du.

 

Gure Instalazioak eta Zerbitzuak

Eskola guztiz irisgarria da, sarreran arrapala bat eta igogailu bat ditu. Gure espazioak honela daude banatuta:

  • 1. solairua: Haur Hezkuntzako (HH) eta Lehen Hezkuntzako (LH) ikasgelak, baita irakasle gela ere.

  • 2. solairua: Zonaldeko liburutegia. Arratsaldez herritarrentzat irekitzen da, baina ikasleekin jarduera edo bikoizketa berezietarako erabiltzen da. 

  • 3. solairua: Erabilera anitzeko gela (musika saioak, bikoizketak, jaialdiak ...) eta jantokia kokatzen dira bertan.

  • Kanpoaldea: Gure patioa herriaren bihotzean bertan kokatzen da, herriari bizia emanez. Eskolako haur-parkeaz gain, oso gertu, elementu naturalak eta harea dituen beste parke bat dugu. Eskolak kanpo-estalpe txiki bat du, horrez gain, frontoia ere erabiltzen dugu sortzen diren behar ezberdinetarako.

 


Auñamendi Eskolak: Saretutako Hezkuntza Pirinioetan

Aurizberrikoa ez da eskola isolatu bat; Auñamendi Eskolen sareko kide aktiboa gara, Nafarroako Mendebaldeko Pirinioetako herri txiki batzuetako eskolek osatzen dugu: Erro, Luzaide-Arnegi, Aurizberri eta Garraldako Eskolek. Aldi berean, Nafarroako Landa Eskolen Sareko partaide ere bagara.

Saretuta egoteak abantaila ugari ematen dizkigu:

  • Elkarlan luzea: Urte asko daramatzagu eskolen artean elkarlanean, gure inguruko haurrei kalitatezko hezkuntza emateko eta gure talde-izaera indartzeko.

  • Garraldara jauzia (DBH): Gure ikasleek Lehen Hezkuntza herrian amaitzen dutenean, Garraldako ikastetxera joaten dira Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza (DBH) egitera. DBH amaitu ostean, ikasten jarraitu nahi duten gazteak Iruñera joaten dira, batez ere.